15 mar 2012

Kolonbiako egungo egoeraz hizketan, Euskadi Irratiko Faktorian


50 urte daramatzate gerran Kolonbian; 8000 preso politiko, 40.000 eta 60.000 desagertu artean, 5.000 desplazatu. . Orain, FARCek, Colombiako gerrillarik handienak, bahiketen estrategia behin betiko amaituko duela iragarri du, eta bake bidea zabaltzeko, elkarrizketari ekingo diola esan du. Askapen Nazionaleko Ejerzituak, ELNk, elkarrizketa prozesua zabaltzeko eskaintza egin dio ere Kolonbiako gobernuari, baina ELNk ez du esan, momentuz, bahiketekin amaituko duenik. Gobernua, bestalde, ez dirudi elkarrizketarako prest dagoenik.

Honen harira, ordu erdi eskas irauten duen saio sakona eta interesgarria eskaini dute gaurko Euskadi Irratiko Faktorian.  Kolonbiako oihanean bahituta egon zen Asier Huegun-ek eta Kolonbiarekiko elkartasun sare Europarreko kidea den Xabier Areta izan dira bertan horri buruz hitz egiteko, beste batzuen artean. Dudarik gabe, informazioz gainezka dago saioa. 

-----
Saioaren laburpena

Jose Miguel Ramirez, euskaldundutako Kolonbiarra da, eta hizkuntzalaria. Kolonbiak bizi duen egoera gertutik ezagutzen du Ramirezek, eta dio ‘bake bide’ honetan herria polarizatuta dagoela,  elkarrizketaren aldeko jendea badago ere, %53, beste askok ez dutela horretan sinesten. Egoerari buruz beste hainbat datu eman ditu hizkuntzalariak.
 “Ez badugu orain bakea lortzen, ez dugu inoiz lortuko” Jose Miguel Ramirez

2003.urtean, 74 egun eman zituen bahituta Asier Huegun-ek Kolonbiako oihanean. Bizitako horri buruz aritu da Faktorian, eta bere ikuspuntua eman du Kolonbiako gaurko egoeraz. FARC-ek bahiketen estrategiarekin amaitzeko erabakiaz galdetu zaio, eta Huegun-ek zorrotz erantzun du:  “hemendik inor ez da hura baloratzeko moduan, hango egoera guztiz desberdina delako”.

Xabier Areta Kolonbiarekiko elkartasun sare Europarreko kideak ere bere iritzia eman du egoerari buruz. Hainbatetan izan da Hego Amerikar herrialde honetan, eta berak dioenez, “batzuetan zaila da zehatz mehatz zer gertatzen ari den jakitea”

Oier Urteaga Barranquillan sei urte daramatzan euskal psikologoa da. ONDUZ fundazioko bolondresa da ere,  eta kontatu du nola bizi duten egoera Kolonbian bertan. 

“Jendeak, ikusi arte, ez du ezer sinesten”
“Bertsio ofiziala oso murriztua da (…) Cuando hay crímenes fuertes contra militares, la versión oficial nunca te va a contar la verdad”


Orokorrean, hizlariek atera duten ondorioa da militarki FARCi irabaztea oso zaila dela.  Oier Urteagak esan du, gainera, gobernuei ez zaiela interesatzen konfliktoa konpontzea. Izan ere, militarrak Kolonbian funtzionarioen %80 dira, eta konflikto armaturik gabe lanik gabe geldituko lirateke. “Oso arriskutsua da orain Kolonbiarentzat bat-batean arazoa konpontzea” dio Urteagak, Kolonbiako arazorik handiena paramilitarismoa dela gaineratuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario